Monthly Archives: abendua 2016

Euskarak ez du. Euskara da. Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna

1949. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna ezarri zuen.  1995ean Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu egin zuten eta abenduaren 3an izango zela ezarri zuten.

Harrezkero, euskararen erabilera eta euskara bera sustatzeko asmoz, hainbat elkarte, erakunde publiko eta herritarrek milaka ekitaldi antolatu dituzte egun seinalatu horretan, Euskal Herriko bazter guztietan, euskara bultzatu eta omentzeko.  Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatutako ekimenen laburbilduma Eitb.eus-eko esteka honetan topatuko duzue. Bizkaiko Foru Aldundiak bere webgunean jaso ditu horietako batzuk.

Euskal Herrian ez ezik, munduko beste hainbat herrialdetan ere ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna: Ameriketako Estatu Batuetan, Mexikon, Argentinan, Irlandan, Alemanian, Italian… Bartzelonan, Washingtonen eta Parisen ere euskara goraipatzen da abenduaren 3an.

Azken urteotan, lan asko egin da euskararen jakintza bultzatzeko, eta lortu da. Baina erabilerak behera egin du nabarmen.  Euskararen hutsunea nabarmena da hedabideetan, eskolan, familian edota aisian. Baina bereziki lan munduko egoera txarra aipatu du Ibon Manterolak. Beraz, oraindik ere lan asko dago egiteko.

“Zer egin dezaket nik euskararen alde?” da Euskararen Eguneko aurtengo leloa.   Nork bere neurriko erantzuna emanez, denok egin  dezakegu zerbait euskararen alde. Konpromiso pertsonala hartu, eta ez ahaztu: gaur bai, baina datorren 364 egunetan ere euskaraz koloreztatu behar ditugula kaleak, ikastetxeak, eta nola ez, sare sozialak.  

zer-egin-dezaket

Bukatzeko, sarean topatu dudan bideo interesgarri bat partekatu nahi dut zuekin.

Euskarak ez du.  Euskara da.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Cabinet Komunikazioa taldeak egindako bideoak ageria uzten du euskarak berezko balioa duela.